2016(e)ko otsailaren 5(a), ostirala

Kordak

Kaixo guztioi!

Orain dela aste batzuk Tximeletaren Zirkua filma laburra ikusi genuen eta hausnarketa politak egin zenituzten. Baietz gogoratu nor zen Will, eta agian Lorenzo ere ezaguna egiten zaizue (aspaldian ikusi genuen zer gertatzen zitzaion bere ontziarekin...)

Dakizuenez, pertsona bitxiak daude mundu honetan, batzuen ustez balio handikoak ez direnak, baina beste batzuek benetan bitxiak balira bezala tratatzen dituzte. Gaurko sarrera honetan 2014. urtean Goya saria irabazle izendatu zuten filma laburra ikusiko dugu. "Kordak" da bere izenburua. Ikus dezagun bideoa!



Zer iruditu zaizue Mariaren jarrera? Zer egin du ikasle berria ondo egonarazteko? Nahiz eta hitz egin ez, klasekide berriak asko esaten du, ezta? Nola nabaritzen du hori Mariak? Argi dago komunikatzeko modu asko daudela eta besteak ondo sentiarazteko aukera anitz ditugula gure esku.

Filma honen atzetik badago benetako istorio bat. Familia askorena, alegia. Kasu honetan, zuzendariak bere familian aurkitu zuen adibidea. Hurrengo bideoan zuzendariarekin egindako elkarrizketa bat ikusiko duzue.




Bazenekiten zer den garun paralisia? Eta gaixotasun hori jasatzen dutenek lan itzela egin behar dutela aurrera ateratzeko? Ez da lan erraza, baina, eskerrak, jende asko daukatela beraien aldean laguntza emateko prest.

Hemendik oso gertu, Gipuzkoan alegia, dagoen erakunde batek egindako bideoa proposatzen dizuegu. Baietz asmatu zer aldarrikatzen duen! 


Eta amaitzeko, hitzik gabe utzi gaituen "Oparia" izeneko laburmetraia. Ziurrenik, hasieran ez diozue lotura ikusiko, baina... Aurrerago zentzua ikusiko diozue eta ulertuko duzue zergatik ekarri nahi izan dugun. Adi egon geroago komentatzeko!!





Antza denez, oso garrantzitsua da bakoitza nolakoa den jakitea eta onartzea, besteak izaten diren modua onartu ahal izteko, ez duzue uste?

Beti bezala, zuen iruzkinak ongi etorriak dira. Anima zaitezte!!

Aste buru on pasa!

2016(e)ko otsailaren 1(a), astelehena

URTARRILAK 30, INDARKERIAREN KONTRAKO ETA BAKEAREN ALDEKO ESKOLA-EGUNA

Kaixo neska-mutilok!

Ez, ez gara okertu, badakigu larunbatean izan zela hilak 30, baina gure ustez, egun berezia zen eta gaurko saioa aprobetxatu nahi dugu aipatzeko, ausnartzeko eta zerbait ikasteko ere bai, zergatik ez!!

Herenegun indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-eguna zen. Urtarrilak 30ean, hezkuntzan azpimarratu behar diren baloreen artean tolerantzia, elkartasuna, konkordia, Giza Eskubideen errespetua, indarkeria eza eta bakea daude. Egun honetan eskolak, arraza, kultura eta erlijio desberdinetako pertsonentzako, bakea eta ulermenaren aldeko baliabideak izan ziren. Baina, bakarrik egun bateko ospakizuna izan behar da? Penagarria da horrelako egun bat leku berezia behar  izatea. Zuen ustez, zer esan nahi du horrek?

Zer dela eta data honetan? Egun horretan Indiako lider nazionala eta espirituala izan zen Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrena ospatzen da, Indiar integrista batek 1948 urtean tiroz erail zuen. Baina... Nor izan zen gizon hori? Mohandas Karamchand Gandhi Indian 1869 urtean jaio zen eta munduko bakezaletasunaren ordezkari nagusiena da. Pertsona eta herrien eskubideen aldeko borrokan jardun zuen bakezalea izan zen, eta burutzen zituen ekintza horiek indarkeria ezan oinarritzen ziren. Indian jaio zen eta Ingalaterran zuzenbidea ikasi zuen. Hegoafrikara joan zen abokatu lana burutzera eta herrialde honetan izan zenean beltzek eta hainbat Indiarrek jasaten zuten arraza bereizketa (apartheid) ezagutu zuen. Herrialde honetan sistemaren aurkako aurreneko protesta baketsuak habian jarri zituen, erresistentzia pasiboa eta agintariekin lankidetza-ezan oinarritzen zen. 20 urteko borrokaren ondoren eta Hegoafrikako Indiar komunitatean hainbat hobekuntza lortu ondoren, Indiara joan zen bere herriaren independentziaren alde borroka egitera, izan ere garai hartan India Britainia Handiaren kolonia zen.

Britainiarren dominazioaren aurka zeuden milioika indiarrek, Gandhik Afrikan burutu zituen borroka baketsua jarraitu zuten, boikot eta manifestazio baketsuak bultzatuz. Gandhi behin baino gehiagotan atxilotua izan zen baina indiarren presioagatik berehala askatu behar izaten zuten, izan ere Gandhiren bizimodu sinple eta espiritualagatik Indiarrek santutzat hartzen baitzuten (Mahatmak sanskritoz 'arima handia' esan nahi du).

Indiar herriak Gandhi buruzagi zuelarik, urte askotako borrokaren ondoren, 1947 urtean independentzia lortu zuen. Hindu eta musulmanen arteko liskar baten ondorioz, Gandhi 1948 urtean eraila izan zen otoitz egitera joaten zenean. Gandhiren heriotza mundu mailako hondamendi kontsideratu zen, gainera Nazio Batuek dolu epe bat ezarri zuten. Injustizien kontrako bere borroka baketsua denborarekin garrantzi gehiago hartzen joan da eta esan beharra dago gaur egun munduko bakearen ikur bilakatu dela.

Egunaren historia eta jatorria aparte utzita, elkarbanatu nahi dugu zuekin bideo bat, irakaspen handikoa hain zuzen ere. Gerra batean izandakoa da protagonista eta "Imagine", bakea sinbolizatzen duen kanta, abestuko du. Horrela azalduta, ez dirudi oso erakargarria izango denik, baina bere hitzak entzuterakoan, ziur gaude zentzua ulertuko duzuela.


Beharbada urrun samar gelditzen zaigu adibide hau. Hurrengo bideoak geure eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoa du. 


Haur txikien kontua badirudien arren, hau adibide oso hurbila dugu, zoritxarrez horrelakoak zeuen artean maiz gertatzen baitira, eta hortik abiatu beharko zinateke indarkeriaren kontra borrokatzeko eta bakearen aldean jokatzeko. 



Pentsa ezazue zer alda dezakezuen bakoitzak toleranteago, solidarioago, justuago eta zintzoagoak izateko.

Zeuen kontura uzten dugu...


Aste ona izan!

2016(e)ko urtarrilaren 22(a), ostirala

GOZATU KAFEAZ!

Kaixo guztioi!

Sarreraren izenburua ikusita, gaurko saioan kafeaz arituko garela uste al duzue? Argi dago ezetz, baina zerekin lotu dezakegu? Bideoa ikusi baino lehen, minutu bat emango dugu pentsatzeko eta ideiak botatzeko.

Ikus dezagun...




Guztiok daukagu kikara bat, zein da zurea? Ez da beharrezkoa ozenki esatea, nahikoa da horretaz hausnartzen badugu eta ohartzen bagara zein den...

Gure ustez, askoz zoriontsuago bizi izango gara gauza materialei horrenbeste inportantzia ez badiogu ematen. Adibide hurbila daukagu: Gabonak izan dira eta, ziur gaude, hamaika mila opari jaso dituzuela eta normalean baino askoz ere gehiago jan duzuela... 

Inoiz gelditu egin zarete une batean pentsatzeko zer gertatzen den dirua ez daukatenekin? Zelan ospatu dituzte egun berezi horiek? Oparirik jaso al dute? Eta, zuen ustez, ez badute jaso, zoriontsuak izan dira? Beharrezkoak dira opariak eta oturuntzak zoriontsu izateko? Beste aukerarik ba al dago?

Honek guztiak gogora ekarri digu liburu hau:


Saharan diru askorik ez badaukate ere, harea bai eta ondo pasatzeko eta gozatzeko gogoa ere bai. Bistan dago, bestela ezin izango zuten harearekin jolasteko liburu oso bat argitaratu, ezta?

Erreza ez dela izango badakigu, baina zeure kikarari garrantzi gutxiago ematen eta daukazunarekin bizitzaz gozatzen saiatuko zara hemendik aurrera?

Asteburu on pasa eta, beti bezala, zuen iruzkinak ongietorriak izango dira!

2016(e)ko urtarrilaren 15(a), ostirala

TXIMELETAREN ZIRKUA

Kaixo guztioi!

Ohituta gaude sarreratxo bat egiten bideoa edo ekarpena ikusi baino lehen. Gaur ez dugu horrela jokatuko, uste baitugu bideo hau nahiko mamitsua dela eta ez duela sarrera handirik behar. Horrez gain, ez zaituztegu baldintzatu nahi ezta aurreiritzirik sortaraztea nahi.

Ohartxo bat bakarrik hasi baino lehen: normalean baino luzetxoagoa da.




Kontu asko aztergai daude bideo honetan baina pertsonaia batengan zentratuko gara: Willengan. Ez gara fisiko hutsean fijatuko, argi baitago guztiok besoak eta hankak ditugula. Hala ere, Willekin identifikatuta sentitu zarete inoiz, hau da, ahalmenik gabe? Horrela sentitzen denik ezagutu edo ezagutzen duzue? Zerbait egin dezakezuela uste duzue?

Orain, Willen jarrera azter dezagun; horretarako, hainbat momentu bereiz ditzakegu.
- Hasiera-hasierakoa, lehenengo zirkuan dagoenean, alegia. Zelan sentitzen da? Aukerarik al dauka besterik egiteko? Norbaiten laguntza jasotzen du?
- Ondoren, handik ihes egiten duenean eta furgonetan izkutatzen denean. Zelan uste duzue senti daitekeela bere helburua lortzean? Norbaiten laguntza jaso du egoera horretan?
- Tximeletaren zirkuaren lagunekin dagoenean hasiera batean. Lehengo zirkuan baino hobeto sentitzen dela uste duzue? Momentu txarrik somatu duzue?
- Eta azkenik, uretara erori ondorengoa. Nork eta nola laguntzen dio Willi?
Hau guztia aztertu ondoren, zer deritzozue Willen jarrerari une bakoitzean?

Amaitzeko, azkenengo galderatxo bat: bazenekiten Willen papera antzezten duen aktorea, Nick Vujcic, hainbat lekutara doala urtero jendea bere gaitasunez ohartarazten laguntzeko asmoz?

Hasieran aipatu dugun moduan, film hau oso esanguratsua da eta jarrai genezake galderak egiten edo egoerak aztertzen. Orain zeuen txanda da, zerbait gehiago adierazi nahi baduzue, aurrera! Iruzkinetan utzi!!

Asteburu ona izan.

2016(e)ko urtarrilaren 12(a), asteartea

CHARLES PERRAULT

Kaixo!

Ezaguna egiten zaizue post honen izenburuan agertzen den izena? Seguraski ezetz... Baina Txanogorritxo, Erpurutxo edo Loti Ederra aipatzen baditugu, ezagunak al dira? Hurrengo irudian sakatuz gero, gauza bien lotura aurkituko duzue. 

Ikertu eta elkarbanatu iruzkinetan!!!


2015(e)ko abenduaren 22(a), asteartea

GABONETAKO OSAGAIAK

Kaixo guztioi:

Ezin genituen klaseak amaitu Gabonei buruzko bideo bat eskuratu gabe. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko eta zuen iruzkinak uzteko. Beti bezala, ongi etorriak izango dira!!





GABON ZORIONTSUAK IZAN DITZAZUEN!!!

2015(e)ko abenduaren 10(a), osteguna

GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo guztioi:

Pasa den azaroaren 20n haurren eskubideen nazioarteko eguna ospatu zen eta horren berri eman genizuen hemen ere bai. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen eguna ospatzen da eta sarrera hau prestatzeko materiala bilatuz, hurrengo abestia topatu dugu. Igo bolumena eta entzun arretaz!!




Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Wikipedian topatu ahal duzue testu osoa bere 30 eskubideekin.

Jarraian, eskubide horiek laburbiltzen duen bideoa partekatu nahi dugu zuekin, hona hemen:



Beti bezala, bideoa ikusi ondoren hainbat galdera datozkigu burura: ezagutzen zenituzten giza eskubideak? Zein da garrantzitsuena? Bakarra aukeratzeko gai izango zinateke? 

Haurren eskubideen egunean betebeharrei buruz ere luzaro mintzatu ginen, eta hemen ere bai ideia antzekoa aipatzen da: besteen eskubideak errespetatu behar ditugula. Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango lirateke kontuak munduan...

Amaitzeko, gaurko egunerako bereziki zuzendutako irudi polit batekin amaiera ematen diogu gaurko post honi.



Beti bezala, zuen iruskinak ongi etorriak dira, berez, anima zaitezte!!!