Ezin genituen klaseak amaitu Gabonei buruzko bideo bat eskuratu gabe. Arretaz irakurri, Gabonetako (eta urte osoko) osagaiak aurkitzeko, denbora bilatu (egun hauetan beharbada...) luzatutako mezu sakonez hausnartzeko eta zuen iruzkinak uzteko. Beti bezala, ongi etorriak izango dira!!
Pasa den azaroaren 20n haurren eskubideen nazioarteko eguna ospatu zen eta horren berri eman genizuen hemen ere bai. Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen eguna ospatzen da eta sarrera hau prestatzeko materiala bilatuz, hurrengo abestia topatu dugu. Igo bolumena eta entzun arretaz!!
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean onartu zuen, Nazio Batuen Erakundearen 217 A (III) ebazpentzat. Dokumentuaren egileetako bat René Cassin baionarra izan zen. Wikipedian topatu ahal duzue testu osoa bere 30 eskubideekin.
Jarraian, eskubide horiek laburbiltzen duen bideoa partekatu nahi dugu zuekin, hona hemen:
Beti bezala, bideoa ikusi ondoren hainbat galdera datozkigu burura: ezagutzen zenituzten giza eskubideak? Zein da garrantzitsuena? Bakarra aukeratzeko gai izango zinateke?
Haurren eskubideen egunean betebeharrei buruz ere luzaro mintzatu ginen, eta hemen ere bai ideia antzekoa aipatzen da: besteen eskubideak errespetatu behar ditugula. Horrela jokatuko bagenu guztiok, askoz hobeto joango lirateke kontuak munduan...
Amaitzeko, gaurko egunerako bereziki zuzendutako irudi polit batekin amaiera ematen diogu gaurko post honi.
Beti bezala, zuen iruskinak ongi etorriak dira, berez, anima zaitezte!!!
Gure gizartean futbolak badauka pisu handia. 2006. urtean FIFAk eginiko ikerketa batek argitzen zuen nola, mundu mailan, 265 milioi pertsona jolasten ziren futbol talde batean. Gaur egun kopuru hori %15a inguru igo da.
2013an Espainian beste ikerketa bat egin zuten eta emaitzen artean hauek topa ditzakegu:
- Biztanleriaren %68a talde baten zalea da: gizonezkoen %79,6a eta emakumezkoen %58,3a
- Gizonezkoen erdiak ikusten du futbola telebistan eta emakumezkoen herenak ere bai.
- Familien %20ak inguru erosi zituen sarrerak partida batera joateko.
Gauzak horrela, esan dezakegu futbolak begi asko dituela bere gainean eta, horregatik, baloreak landu behar izango zituela baina, egia esan, oso kirol matxista da eta, normalean, garrantzitsuena garaipena da. Taldeek, futbolariek, agintariek zein zaleek, ez dakite galtzen.
Hemen uzten dizuegu berri bat hemendik oso gertu gertatu dena. Sestaon hain zuzen ere. Han, partida bat jolasten ziren Sestao River eta Santurtziko Gazteak, alebin mailan, hau da, zuen adinekoak gutxi gora behera. Irakur dezagun zer gertatu zen penalty batekin...
Zuek jaurtitzailearen lekuan egon bazinate, zer egingo zenuketen? Zer iruditzen zaizue entrenatzaileak hartutako erabakia? Zergatik erabaki zuen hori? Marcelo Bielsa Athletick-eko entrenatzaile ohiaren hitzetan "Irabazi baino askoz garrantzitsuagoa da nola irabazten den". Zer deritzezue?
Lehen aipatu dugu futbolak, nahiz eta emakumezkoen zaletasuna gero eta handiagoa izan, jarraitzen duela kirol matxista izaten. Aste honetan emakumeenganako indarkeriaren kontrako aldarrikapena egin dugu eta, futboleko matxismoa beste bortizkeri mota bat da. Agian gure aldarrikapena desberdintasunaren kontra izan beharko zen. Horregatik proposatzen dizuegu hurrengo bideoa. Esperimentu honetan, neska bat "mozorratzen" da mutilekin jolastu ahal izateko. Zein uste duzue izango dela emaitza?
Ikusi dugunez, maiz, desberdintasuna gure buru kutsatuetan baino ez dago eta emakume bat gizon bat bezain ondo edo hobeto jolastu ahal da futbolean, baina garrantzitsuena bizitzaren esparru guztietan kontu berdina gertatzen dela jakitea da. Sinesmen hauei "estereotipoak" esaten zaizkie. Ezagutzen al duzue estereotiporen bat? Nola sentitzen zarete horrelako sinesmenak entzutean? Klasean ikusitako zer efekturekin lotu dezakegu hau?
Emakumezkoak oso baliotsuak direla ez dago zalantzarik. Guztion artean egin dezagun lehenengo mailako talde puntero bat sexuari erreparatu gabe, eta hel gaitezen lehenengo postura elkarri laguntzen!!
Jai eguna ez izan arren, denbora ateratzea post hau idazteko merezi du. Ez "autozoriontzeko" bakarrik, baizik eta eskerrak emateko geure bizitzan izan ditugun maisu eta andereño berezi horiei, lagundu, animatu, maite... gaituztenak, ikasi dugunengandik, miresten ditugunak, geure bihotzean leku berezia dutenak. Aintzinakoak zein gaurkoak, guk geuk ere geure lankideengandik ere ikasten dugulako...
Ziur naiz askotan pentsatuko duzuela zuek izorratzeko gaudela hemen. Edo bakarrik matematika, hizkuntza, gizarte, natura... irakasteko. Ba... oker baino okerrago zaudete!! Beste gauza garrantzitsu asko ere egiten ditugu egunero zuekin. Ea bideo hauek laguntzen zaituzteten asmatzen zer...
Argiago ikusten duzue orain? Beti bezala, azal dezakezue iruzkinetan!!
Gaur, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Telebistako eta egunkarietako albisteetan oilo-ipurdia jartzen diguten datu ikaragarriak entzungo ditugu indarkeri mota honi buruz. Baina ez dugu horrekin bakarrik gelditu behar. Urrunago joan nahi dugu, horregatik egun honetaz apur bat gehiago jakiteko eta horri buruz pentsarazteko prestatu dugu gaurko sarrera.
Zergatik egun hau? Dominikar Errepublikan 1960ko azaroaren 25ean, Trujillo diktadoreak, Mirabal ahizpak (Minerva, Patria eta María Teresa) hiltzeko agindua eman zuen bere erregimenaren kontra borrakatzeagatik. Horrela, egun honetan, Mirabal ahizpei omenaldia egiten zaie.
1981ean, Bogotan (Kolonbia) Hego Ameriketako eta Karibeko Feministen Topaketan, onartu zen Dominikar Errepublikako batzordeak egindako proposamena emakumeen kontrako indarkeriaren kontrako eguna ofiziala azaroak 25a izatea. Ikusten duzuenez, arazo hau ez da gaur egungoa bakarrik, aspalditik dator. Duela 34 urte sortu zen emakumeenganako indarkeriaren aurkako mugimendua, baina arazoa beti egon da nahiz eta ezkutuan izan eta inork salatu ez.
Tristea benetan horrelako egun bat leku berezia izatea geure egutegian. Ez zen existitu beharko gaur egiten den aldarrikapena. EZ! Lotsagarria eta penagarria edozein bortizkeria desagerrarazteko eskatu behar izatea...
Gai honetan pittin bat gehiago sakontzeko eta hausnartzeko, bi bideo proposatzen dizkizuegu.
Lehenengo honetan umeak izaten dira protagonistak. Zer erantzungo zenuke zuk zure lagun bat jotzeko agintzen badizute? Ikus ditzagun ume hauen erantzunak:
Bigarren bideo hau emakumeei zuzenduta dago, baina horrek ez ditu gizonezkoak kanpoan uzten edo baztertzen, ez! Zeuek, mutilok ere, bideoaren mezuek helarazten digutenarengandik ikaskuntza egin dezakezue. Emakumeak animatzea du helburu nagusi.
Arretaz irakurri:
Gogoratu: izaten garena izaten garela geure burua maite behar dugu eta albokoak izaten direna izaten direla ere bai. Errespetuz joka dezagun! Baina ez bakarrik gaur egun "berezia" delako, beti baizik.
Gaur, azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 56 urte, hau da, 1959an. Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en webean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.
Hitzarmenak argi eta garbi onartzen du (18 urtetik beherako) haurrek bizitza maila egokia izateko eskubidea dutela. Eta hitzarmen hau juridikoki loteslea da, edo bestela esanda, nahitaez bete beharrekoa da. Tamalez, mundu guztian ez, Somalian eta EEBBetan izan ezik, haiek ez baitzuten hizarmena sinatu.
Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:
Argi baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina, benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen dizuegu.
Zer deritzozue bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzue orain betebeharren kontua? Bazenekiten hauek zuen eskubideak zirela? Eta zuen betebeharrak hauek izango zirela espero zenuten? Txanpon batek bi alde ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.
Ikusi berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, denetik baitaukagu, baina beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunen bat topatzen dugun:
Lortu duzue ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizue ezkerreko eta eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak? Justu al da hori? Eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?
Ez dugu sarrera hau amaitu nahi atzo bertan jaso genuen McDonalds-en kanpaina baten iragarkia txertatu gabe, harrituta utzi gintuen eta gaurko gaiarekin lotuta dagoenez, zuekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:
Espero zenuten honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozue? Bazenekiten horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?
Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizuegu...
Komentatu eta ikusi dugun guztia daukazuen zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.
Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazuen zorteaz gozatu!
Asteburu ona izan!
Atzo, tolerantziaren eguna izateaz gain, EHko Ijitoen Eguna ospatzen zen ere bai. Guretzat ez zen egun berezia, baina eurentzat bai, oso. Ez soilik Nazioarteko Flamenkoaren Eguna izateagatik, euren herriaren kultura EHko kulturaren zati bat delako.
Bazenekiten 1430 urtearen inguruan ijitoak Euskal Herrira etorri zirela?
Eta hasieran oso artisau ospetsuak zirela? Gaur egun, gure herrietako hainbat jai herrikoien artean, ijitoekin lotura zuzena duten batzuk ospatzen dira, adibidez, Donostian, kaldereruena.
Urrunetik etorritako artisauen hizkuntza Caló zen, eta gurea Euskara. Talde bien arteko komunikazioari ekiditzeko, erromintxela sortu zen. Hemen uzten dizkizuegu adibide batzuk, agian baten bat ezaguna egingo zaizue...
Etnia guztietan jende ona eta jende txarra dago, gizakiok garelako. Gure artean harreman hobeak izateko bi hitz dira garrantzitsuenak: errespetua eta ezagutza. Ezagutu behar ditugu besteen kultura, egoera, tradizioak... ezberdintasunak errespetatzen. Horrela lortuko dugu bestearen errespetua eta interesa.
Zorionak ijitoei, ijitoekin lan egiten duten pertsonei eta ijitoak ezagutzen ahalegintzen direnei. Aupa zuok!