2016(e)ko ekainaren 8(a), asteazkena

KOMUNIKAZIOAREN GARRANTZIA


Kaixo 6M!

Natura arloan ikasi duzuen moduan, izaki bizidunen bizi funtzioen artean erlazioarena dago. Erlazio funtzioa, ingurunetik informazioa partekatzen eta interpretatzen datza, hau da, komunikazioak garrantzi handia dauka erlazioak garatu ditzagun.

Honekin lotuta dauden galdera batzuk egin nahi dizkizuegu: zer da komunikazioa zuen ustez? Era ezberdinetako komunikazioak al daude? Gauzak adierazteko moduak garrantzirik al du?

Sarrera honetan landu nahi duguna ez da gai berria zuentzat. Zuen familiek, irakasleok eta zuek zeuek ere ildo honetatik jo dugu aspalditik (eta, tamalez, jarraituko dugu ez duzuelako behar bezala egiten...). Askotan aukeratzen duzuen komunikatzeko era ez da egokiena eta ez duzue tratu ona ematen ezta jasotzen ere...

Suposatzen da hurrengo eskema, komunikazioarena hain zuzen, noizbait ikasi behar izan duzuela, baina baten bati ahaztu bazaio, gogorarazten dizuegu:



Agerian dago komunikazioa ez dela bakarka egiten den ekintza, bi pertsonek edo gehiagok hartzen dute parte. Hau Michel de Montaignek oso ondo azaldu zuen: "Hitzaren erdia esaten duenarena da eta beste erdia entzuten duenarena."

Komunikazioan gure jarrerak pisu handia dauka. Ikus dezagun zenbat komunikazio mota dauden jarreraren arabera:



Bazenekiten zeintzuk ziren komunikazio mota ezberdinak? Zuen ustez, zein da hoberena? Zuen burua isladatuta ikusi duzue? Zeinekin? Aukeraketa egokia da?

Ikusitako bideoan ez da azaltzen zer den komunikazio efektiboa, horregatik, bi bideoen bitartez saiatuko gara ulertzen.

Goazen lehenengo bideoa ikustera.



Zuen ustez, hitzik gabeko komunikazioa egon daiteke? Ba al dakizue nola deitzen da komunikazio mota hau? Jarreran fijatzen bagara, zer nolako komunikazioa egon da lehenengo bi animalien artean? Eta beste bien artean? Nortzuk lortu dute euren helburua?

Goazen bigarren bideoarekin:



Kasu honetan badaude hitzak, baina guztiek ez dute lortzen helburua betetzen. Zergatik? Jarreran zentratzen bagara, nolakoa izan da komunikazioa kasu bakoitzean? Zein animaliak lortzen du komunikazio efektiboa izatea? Eta zelan egiten du?

Ikusi eta aipatu dugunez, gauzak nola adierazten ditugun eta hitzik gabeko komunikazioa oso garrantzitsuak dira, komunikazio efektiboa lortu nahi izanez gero, noski! Gure jarrera egoerari egokituta ez badago, edo esandakoarekin bat ez badator, gure helburua ez da burutuko, edo burutuz gero, bidean, beste gauza batzuk galdu ditzakegu: lagunak, besteak beste.

Espero dugu gaurko saioan zer edo zer ikasi izana, bizitzarako baliogarria izango den beste tresna bat lortu izan dezazuen eta komunikatzerako eraren inguruko hausnarketa egin dezazuen.

Asteburu ona izan!


2016(e)ko ekainaren 7(a), asteartea

TAMALEZ, BERDINTASUNIK EZ...

Kaixo 6M!

Suposatzen dugu atzo planteatzen genuen zalantza argitu egin dela jakingo duzuela dagoeneko. Denetik entzun da prentsan eta sare sozialetan eta aukera guztiak izan dira defendatuak eta kritikatuak. Baina zaratatsuena gabarra ateratzearen aldekoa izan da zalantzarik gabe, online sinadura bilketa eta guztiz! Nahiz eta mugimendu nabaria gabarra ateratzeko aldarrikatu eta eskatu izana, ezetza eman du Athletic-ek.

Aukera paregabea izan da berdintasunez jokatzen dugula eta desberdinak garela munduari erakusteko, baina azken hitza ez da espero genuena izan. Galdu dute aukera aparta, penagarria benetan... Argi dago geure gizartea matxista hutsa dela, lotsagarria eskoletan eta geure bizitzan horren kontra borrokatzen saiatzen garenenontzat.

Hala eta guztiz ere, garaipena ospatzeko mutilek iaz Superkopa irabazi zutenean bezalako ekitaldiak antolatu dira gaurko. Horrela argitaratu zuen atzo Club-ek:




Gabarra itsasadarra zeharkatzen ikusteko gogoekin geratuko gara, baina espero dugu Bilbo eta Bizkaia osoa zurigorriz tintatzea eta neska txapeldunek behar duten errekonozimendua jaso dezaten.

Hona hemen La Sexta telebistak egindako aldarrikapena. :



Baietz borobila hemendik, noski merezi duten!!

AUPA NESKAK!

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

TXAPELDUNAK!!!

Egun on 6M!

Ikasturte honen zehar, askotan landu dugu berdintasunaren gaia eta teoria ondo dakigu, gizonak zein emakumeak egoera beraren aurrean aukera eta eskubide berdinak izan behar ditugula, alegia. Baina tamalez beti ez da horrela izaten, asteburu honetan eredu argia izan dugu.

Atzo Athletic Club-eko emakumezkoen taldeak Ligako txapelketa lortu zuen, 5. txapelketa, 2003, 2004, 2005 eta 2007 urteetan lorturikoei gehitzen zaie aurtengoa. Hau bai eredu aparta! Gora gure jokalariak!

Ospatu behar dugu atzo bizi izandako lorpena, oso gaitza baita horrelako tontorrera heltzea eta batek daki noiz izango dugun hurrengo aukera... Agian datorren urtean emakumezkoen Champions League-n! ;) Beraz, antolatzen diren ospakizunetan parte hartu behar dugu mutilek Superkopa lortu zutenean egin genuen moduan, gure neskak Superligako txapeldunak baitira!

Ospakizunekin batera, berdintasunaren kontua dator: afizioa garaipena ospatzeko gabarra ateratzea eskatzen ari da. Dakizuenez, gabarra ateratzeko baldintza liga irabaztea da (hori izan zen behintzat aitzakia iaz ez ateratzeko, mutilek Supercopa irabazi zutenean) eta hori da, hain zuzen, Athletic-en neskek lortu dutena. Ea erabakia hartzea dagokienei berdintasunaren alde jokatzen duten, behar bezalako errekonozimendua egiten dieten eta neskak gabarra gainean itsasadarra zeharkatzen ikusten ditugun, txapeldunek horrelako omenaldia merezi baitute, berdin dio neskak zein mutilak izan!

AUPA ATHLETIC SUPERTXAPELDUN!!!

Aste ona izan!









Baina hau ez da asteburu honetako lorpen femenino bakarra. Larunbatean Garbiñe Muguruzak teniseko Roland Garros txapelketa famatua irabazi zuen, munduko jokalaririk onena den Serena Williams garaitu ondoren eta munduko jokalaririk onenen arteko bigarren postua lortuz 22 urte izanik. 


ZORIONAK NESKAK!

2016(e)ko ekainaren 3(a), ostirala

ERRESILIENTZIA

Kaixo 6M!

Aste honetan bizitzarako oso garrantzitsua den tresna bat aurkeztu nahi dizuegu: erresilientzia.

Inoiz entzun duzue hitz hau? Zuetariko baten batek ba al daki zer esan nahi duen edo zertarako balio duen? Beharbada horrela ez duzue inoiz entzun, baina jarraian emango ditugun azalpenekin konturatuko zarete eskolan eta familian ildo horretatik goazela askotan arazoei Aurre egiteko.

Lehenengo bideoari ekingo diogu zuzen, zuen ikuspuntuak kutsatu ez daitezen, eta gero komentatuko dugu ea zertxobait ulertu eta ikasi dugun...



Bideoan agertzen den moduan, gizartean, arrisku-egoerak edo esperientzia larriak eta traumatikoak jasaten dira. Horien aurrean, pertsona askok, gaixotasunak pairatzen dituzte. Ostera, zenbaitek egoera gainditzen dute eta askotan indartuak ateratzen dira esperientzia horietatik. Baina, zorigaitzeko faktore horien aurrean, zergatik ez dira pertsona guztiak gaixotzen haien egoerak parekoak izanik? Erresilientziari esker.

Orain erantzun ditzakezue aurreko galderak? Zuen iritziz, denok gara edo izan ahal gara erresilienteak? Zer landu beharko genuke gure erresilientzia maila igotzeko?

Bideoan pertsona baten bizitzaren ziklo osoa aurkezten zaigu, bere momentu onak eta txarrekin. Momentu ezberdin guztietatik ikas daiteke gure erresilientzia hobetzeko. Iraganean, pentsatzen zen erresilientzia genetikoki transmititzen zela. Hori dela eta, ez zen erresilientziaren garapena sustatzen. Gaur egun, ordea, nahiz eta genetikaren garrantzia hor egon, jakin badakigu, erresilientzia landu daitekeela; eta egiten bada, arazoei aurre egiteko trebetasun gehiago izango dugu eta hauetatik indarberrituta aterako gara.

Aipatu eta sailkatu ditzakezue bideoan agertzen diren momentu gaitz horiek eta bertan ikasten dena?

Oraindik argi ez badaukagu erresilientzia zer den, hurrengo bideoa lagungarria izan daitekeela uste dugu:



Argiago daukazue orain zertan datzan erresilientzia? Baten batek behar badu terminoaren definizioa, hona hemen duzue: zorigaitzeko faktoreen aurrean egoera gainditzeko gaitasuna da. Ezinbesteko trebetasuna da.

Eguneroko esperientzietan ditugun aukera apartengandik indartuak ateratzea espero dugu!

Irudi batekin bukatu nahi dugu gaurko gaia interesgarri eta aberasgarria izan delakoan



Asteburu ona izan!

2016(e)ko maiatzaren 28(a), larunbata

JOLASAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Kaixo 6M eta jarraitzale horiek!!

Gaurko egunak sarrera berezia merezi du, Jolasaren Nazioarteko eguna da eta. Jolasa bizitza da eta bizitza jolasa da.

Ba al dakizue nondik datorren Jolasaren Nazioarteko Egunaren jatorria? 1998an sortu zen, Ludoteken Nazioarteko Elkartearen (ITLA International Toy Library Association) eskutik, eta Frida Kim elkartearen lehendakariaren ekimenez. Maiatzaren 28a aukeratu zuten, Elkartea egun horretan eratu baitzen.
Jolasa munduko gizarte eta kultura guztietan agertzen den giza jarduna da. Besteak beste, inteligentziaren, afektibotasunaren, sormenaren eta soziabilitatearen hazkunde orekatua ahalbidetzen eta errazten du, hortaz, pieza giltzarria da norbanakoaren garapen integralerako.
Jolasteko ekintza entrenamendu ona da gaitasun sozialak garatzeko; elementu ludiko bat baino gehiago da. Oinarrizko aspektua da jokabidea osatzeko, jolasean aritzen garenean garen moduan agertzen baikara. Jolasean berez eta espontaneoki azaltzen gara.
Jolasa tresna baliotsua da, gizarte hobe bat sortzeko, norbanakoen artean komunikazioa sustatuz, komunitate bateko norbanakoen harremanetan sakonduz, eta aurkakoak diren jarrerak berradiskidetuz.

Ikusten duzuenez, onura ugari ditu jolasak, beraz, jolas gaitezen!!!


Jakintsua benetan 5 urteko neskato hau!!

Jarraian bideo bi luzaten dizkizuegu, edozein adinetan jolasaren garrantzia azaltzen dutena:






Abesten amaituko dugu gaurko sarrera Amets Arzallusen jolasteari buruzko bertso batekin Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ahotan. 


Inoiz ez utzi jolasteari.

GORA JOLASA!!

2016(e)ko maiatzaren 27(a), ostirala

ASKATASUN BEGIRADETAN SAKONDUZ

Kaixo 6M!

Pasa den astean oso ondo landu zenuten proposatutako gaia. Egia esan, espero genuen baino askoz hobeto. Oso poztu gintuen zuen erantzunak entzuteak, normalean, zuen adinarekin, oso ezberdinak izaten baitira. Zoriontzekoa da zuenak hain naturalak, askeak eta errespetuz beterikoak izatea.

Gaur jarraitu nahi dugu aipatu zen errealitate pare batekin. Alde batetik homosexualitatea eta bestetik, oso arrunta ez dena, baina bai oso zaila onartzeko eta errespetatzeko: transexuala izatea, hain zuzen.

Azken gai hau, orain dela gutxi arte, tabu izan da eta wikipediak horrela definitzen du:

"Transexualismoa edo transexualitatea nortasun sexuala anatomia sexualarekin bat ez datorrelaren jokaera da. Emakume transexuala gizon anatomiarekin jaiotzen dena da; gizon transexuala, berriz, emakume gorputzarekin jaiotzen dena, gizon sentitu arren. Hau da, bere sexualitate psikologikoak bereizten du eta ez bere anatomiak. Hori dela-eta, pertsona transexual batzuek genitalak beren sexu psikologikora egokitzeko ebakuntza egiten dute."

Azken bolada honetan hainbat familia borrokatzen egon da (eta badago) euren seme alaben eskubideak errespeta daitezen. Horregatik sortu da Chrysallis, haur transexuelak dituzten gurasoen elkartea, duela oso gutxi gai hau eskoletan lantzeko txikiei zuzendutako material didaktikoa aurkeztu duena.

Beti bezala, irudi batek mila hitz baino gehiago isladatzen du, eta bideo batek askoz ere gehiago, horregatik lehenengo bideoari ekingo diogu:





Hasiera batean txantxa izan daitekeena (Mario "mozorratuta" joatea eskolara), gai serio baino serioagoa bihurtzen da. Zer iruditu zaizue?

Azter dezagun planteatzen den egoera:

Zelan uste duzue sentitzen dela Mario? Zelako mezuak jasotzen ditu? Baten batekin ongi senti daiteke? Argi dago Santosen jokaerarekin ezin dela ondo sentitu, eraso zuzena egiten diolako. Baina Elenitaren hitzekin? Laguntzeko nahian esaten dio, besteak beste, ezin dela neska baten moduan jantzi ilegala baita eta mutilak ez direla neskak bezala janzten... Lortzen du laguntzea?

Zer deritzozue gurasoen jokaerari? Ama zuzenean ez da agertzen, baina umeak kontatzen du atzazalak margozten uzten diola; aita, berriz, lotsatu egiten da, begibistan dago. Zein da, zuen iritziz, hobeto laguntzen duena?

Demagun egun batean horrelako zerbait gertatzen dela zuen ikaskide batekin. Nola jokatuko zenukete? Santos bezala? Elenita bezala? Edo ba al dago beste jokabiderik?

Goazen bigarren bideoa ikustera:





Demagun zuek gurasoak zaretela eta zuen semea ez dela mutila sentitzen, neska baizik. Zer egingo zenukete? Zer deritzozue amaren jarrerari?



Ez diogu sarrerari amaiera eman nahi hurrengo bideoa elkarbanatu gabe, ikus dezagun:





Bidezkoa al da sentimenduak izkutatu behar izatea ingurukoak ez direlako toleranteak izaten? Orain teoria guztia badakizue, praktikan jarri behar izanez gero, jokabide zuzena aukeratzea espero dugu eta horrela lortuko dugu homofoboak baztertuta senti daitezen!!

Asteburu ona izan!

2016(e)ko maiatzaren 20(a), ostirala

(H)U(N)KITUTA

Kaixo 6M!

Gaurko ekarpenak lotura estua dauka pasa den astekoarekin. Besterik gabe, ikus dezagun bideoa:



Ziurrenik bat baino gehiago ukituta eta hunkituta gelditu da... Normala da, geu ere bai, ez uste... Agian ez zaigu nabaritzen, kontua da abantaila daukagula, guk aldez aurretik ikusita baititugu ekartzen dizkizuegun bideoak.

Irudikatuko zenukete norbaiten desioa haizeak aurpegian jotzea izan zitekeela? Edo ilusioa mantentzea eta eguneroko gauza txikiez gozatzea? Edo paseo bat eman ahal izatea loreez disfrutatzen? Edo... 

Bideoaren hasierako pertsona izango bazina, zelako erantzuna emango zenuke zuk bigarren partea kontuan hartu gabe? Eta... kontuan hartuta? Berdina ez izatea espero dugu...

Uste dugu joan den asteko mezua argi gelditu zela baina gaurko bideoaz hausnartzen badugu, geure ustez ez da zalantzarik geldituko eta geure helburua ozen baino ozenago ahoskatu nahi dugu: baloratu gauza txikiak, falta direnean handi bihurtzen dira eta! Ez itxaron gehiegi, aprobetxatu edozein gauza txiki gozatzeko, inoiz ez dakigu zer gerta daitekeen bihar. CARPE DIEM!!

Baten bati oraindik ere zalantzarik gelditzen bazaio, hurrengo bideo honekin argituko zaio guztia!




Amaitu baino lehen, esperimentu bat egin nahi dugu. Ea zelan ateratzen den...

Gaur ikusi eta ikasi dugun guztia kontuan izanik, espero dugu hobeto baloratzea daukagun GUZTIA. Zorte handikoak gara, ez izan inolako zalantzarik...

Asteburu ona izan!