2016(e)ko otsailakren 1(a), astelehena

URTARRILAK 30, INDARKERIAREN KONTRAKO ETA BAKEAREN ALDEKO ESKOLA-EGUNA

Kaixo neska-mutilok!

Ez, ez gara okertu, badakigu larunbatean izan zela hilak 30, baina gure ustez, egun berezia zen eta gaurko saioa aprobetxatu nahi dugu aipatzeko, ausnartzeko eta zerbait ikasteko ere bai, zergatik ez!!

Herenegun indarkeriaren kontrako eta bakearen aldeko eskola-eguna zen. Urtarrilak 30ean, hezkuntzan azpimarratu behar diren baloreen artean tolerantzia, elkartasuna, konkordia, Giza Eskubideen errespetua, indarkeria eza eta bakea daude. Egun honetan eskolak, arraza, kultura eta erlijio desberdinetako pertsonentzako, bakea eta ulermenaren aldeko baliabideak izan ziren. Baina, bakarrik egun bateko ospakizuna izan behar da? Penagarria da horrelako egun bat leku berezia behar  izatea. Zuen ustez, zer esan nahi du horrek?

Zer dela eta data honetan? Egun horretan Indiako lider nazionala eta espirituala izan zen Mahatma Gandhiren heriotzaren urteurrena ospatzen da, Indiar integrista batek 1948 urtean tiroz erail zuen. Baina... Nor izan zen gizon hori? Mohandas Karamchand Gandhi Indian 1869 urtean jaio zen eta munduko bakezaletasunaren ordezkari nagusiena da. Pertsona eta herrien eskubideen aldeko borrokan jardun zuen bakezalea izan zen, eta burutzen zituen ekintza horiek indarkeria ezan oinarritzen ziren. Indian jaio zen eta Ingalaterran zuzenbidea ikasi zuen. Hegoafrikara joan zen abokatu lana burutzera eta herrialde honetan izan zenean beltzek eta hainbat Indiarrek jasaten zuten arraza bereizketa (apartheid) ezagutu zuen. Herrialde honetan sistemaren aurkako aurreneko protesta baketsuak habian jarri zituen, erresistentzia pasiboa eta agintariekin lankidetza-ezan oinarritzen zen. 20 urteko borrokaren ondoren eta Hegoafrikako Indiar komunitatean hainbat hobekuntza lortu ondoren, Indiara joan zen bere herriaren independentziaren alde borroka egitera, izan ere garai hartan India Britainia Handiaren kolonia zen.

Britainiarren dominazioaren aurka zeuden milioika indiarrek, Gandhik Afrikan burutu zituen borroka baketsua jarraitu zuten, boikot eta manifestazio baketsuak bultzatuz. Gandhi behin baino gehiagotan atxilotua izan zen baina indiarren presioagatik berehala askatu behar izaten zuten, izan ere Gandhiren bizimodu sinple eta espiritualagatik Indiarrek santutzat hartzen baitzuten (Mahatmak sanskritoz 'arima handia' esan nahi du).

Indiar herriak Gandhi buruzagi zuelarik, urte askotako borrokaren ondoren, 1947 urtean independentzia lortu zuen. Hindu eta musulmanen arteko liskar baten ondorioz, Gandhi 1948 urtean eraila izan zen otoitz egitera joaten zenean. Gandhiren heriotza mundu mailako hondamendi kontsideratu zen, gainera Nazio Batuek dolu epe bat ezarri zuten. Injustizien kontrako bere borroka baketsua denborarekin garrantzi gehiago hartzen joan da eta esan beharra dago gaur egun munduko bakearen ikur bilakatu dela.

Egunaren historia eta jatorria aparte utzita, elkarbanatu nahi dugu zuekin bideo bat, irakaspen handikoa hain zuzen ere. Gerra batean izandakoa da protagonista eta "Imagine", bakea sinbolizatzen duen kanta, abestuko du. Horrela azalduta, ez dirudi oso erakargarria izango denik, baina bere hitzak entzuterakoan, ziur gaude zentzua ulertuko duzuela.


Beharbada urrun samar gelditzen zaigu adibide hau. Hurrengo bideoak geure eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoa du. 


Haur txikien kontua badirudien arren, hau adibide oso hurbila dugu, zoritxarrez horrelakoak zeuen artean maiz gertatzen baitira, eta hortik abiatu beharko zinateke indarkeriaren kontra borrokatzeko eta bakearen aldean jokatzeko. 



Pentsa ezazue zer alda dezakezuen bakoitzak toleranteago, solidarioago, justuago eta zintzoagoak izateko.

Zeuen kontura uzten dugu...


Aste ona izan!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat