Kaixo guztioi!
Gaur, azaroak 20, haurren eguna da. Horrela ezarri zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak orain dela 56 urte, hau da, 1959an. Egun hartan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) sinatu zen eta UNICEF-en webean ikus daiteke zer suposatzen duen HEHk haurren bizitzan.
Mafaldak, bere ikuspuntu bereziarekin, horrela azaltzen dizkigu haurren eskubideak:
Argi baino argiago daukagu eskubideak ditugula. Izan ere, azken bolada honetan maiz entzuten dugu "Nik hau egiteko eskubidea daukat", baina, benetan ezagutzen al ditugu gure eskubideak? Eta eurekin batera berez datozen betebeharrak? Hau hobeto ulertzeko hurrengo bideoa proposatzen dizuegu.
Zer deritzozue bideoari eta bere edukiei? Argiago ikusten duzue orain betebeharren kontua? Bazenekiten hauek zuen eskubideak zirela? Eta zuen betebeharrak hauek izango zirela espero zenuten? Txanpon batek bi alde ditu eta bat ezin da izan bestea gabe.
Ikusi berri dugu haur guztiak berdinak direla eskubide eta betebeharrei dagozkienez baina, tamalez, bizi diren egoerak ez dira berdinak. Gure kasuan oso zoriontsuak gara, zorte handikoak, denetik baitaukagu, baina beste leku batzuetako haurren errealitatea ez da gurea bezalakoa. Ikus dezagun hurrengo bideoa ea ezberdintasunen bat topatzen dugun:
Lortu duzue ezberdintasunik ikustea? Zer iruditu zaizkizue ezkerreko eta eskumako haurren arteko aldeak? Biek dauzkate bermatuta eskubideak? Justu al da hori? Eskubideak izatea eta bete behar dituztenek -agintariek- ez egitea?
Ez dugu sarrera hau amaitu nahi atzo bertan jaso genuen McDonalds-en kanpaina baten iragarkia txertatu gabe, harrituta utzi gintuen eta gaurko gaiarekin lotuta dagoenez, zuekin elkarbanatu nahi dugu. Hona hemen:
Espero zenuten honelako ekintzarik McDonalds-en eskutik? Zer deritzozue? Bazenekiten horrelako egoitzak zeudela hainbat ospitaletan?
Zangozako Ikastolan egindako hormairudi baten argazkiarekin agur (eta askoz gauza gehiago) esaten dizuegu...
Komentatu eta ikusi dugun guztia daukazuen zorte itzela aztertzeko, baloratzeko eta eskertzeko balio izatea espero dugu.
Zeuen egunaz eta, batez ere, daukazuen zorteaz gozatu!
Asteburu ona izan!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina